EUSKERA

    Hona hemen Orreagaren historia erakusketan aurkezten diren mugarri historikoen gaineko informazio osagarria. Eskerrik asko bisitagatik.


SANTUTEGIA ETA ERROMATAR BIDEA


   Orreaga (Roncesvalles) Pirinioetako bazter urrun honetan kokatzearen jatorria mendikatea zeharkatzen zuen erromatar bidean dago; bide hori Ibañetako mendate ondotik igarotzen zen. Ibañetako mendatea Mendebaldeko Pirinioetako igarobide historikorik garrantzitsuena da. Milaka urtez erabili izan dute erromatar legioek, erromesez, Erdi Aroko armadek, merkatariek eta garai guztietako bidaiariek. Ibañetan erromatar aldare bat (ara) aurkitu zen, “Eguzki garaiezinari” eskainia. Zalantzarik gabe, Orreaga gizakiaren espiritualtasunarekin oso estu lotuta egon da historian zehar.


ORREAGAKO GUDUA. 778


    778.urtean Orreagan gertatutako gertaera batek Pirinioetako txoko hau Europa osoan ezagun bihurtu zuen. Karlo Handiaren armada boteretsua, orduan mendatea kontrolatzen zuten baskoiek, zastrapetik hartu zuten. Karlo Handiak bere porrot mingarriena jasan zuen. Bere iloba kuttuna, Roldan, batailan hil zen. Roldan da Frantziarentzat, Cid da Espainiarentzat den bezala.

Erdi Aroko paladin haren heriotza betiko geratu zen Rolanden Kantuak izeneko poema epikoan (La Chanson de Roland), Erdi Aroko gesta-kantu ospetsuenean. Irudian, Roldan ikus daiteke bere olifante izeneko adar ospetsuan jotzen, Karlo Handiaren laguntza eskatzeko. Baina Karlo berandu iritsi zen, eta lurralde hauek Ebroraino menderatzeko zuen ametsa betiko galdu zen.


LEHEN MONASTERIOA IBAÑETAN


   Antzinako erromatar bidea erromes-bide bihurtua zen jadanik. Erromes askok Compostela aldera, apostolu Santiagoaren hilobiaren bila, Pirinioak gurutzatzen zituzten bide horretatik. Orreagako Kolegiataren jatorria erromesen harreran dago. Helburu horrekin, X. mendean lehen monasterio bat eraiki zen Ibañetan, eginkizun horri eskainia.

Irudian monasterio hau eta bi erromes hartzen ari den fraide bat ikus daitezke. Monasterioak babesleku epel eta segurua ere bazen. Erromesak hartzeko bokazio hori gaur egun ere Real Colegiataren ezaugarri nagusietako bat da.


 ORREAGAKO ERREGE KOLEGIATAREN FUNDAZIOA



    1127an, Alfonso Batailatzaile erregearen eta Iruñeko apezpikua zen Sancho Larrosaren ekimenez, Orreagako Santa Maria Errege Kolegiata bere oraingo kokalekuan ezartzea erabaki zen. Hemen eguraldia askoz ere leunagoa zen Ibañetako mendatean baino. Horrela, erromesen harrera kolegiata berrira pasa zen.

Era berean, errege askoren dohainei esker, mendeetan zehar, leku hau santutegi mariano garrantzitsu bihurtu zen. 2027an Kolegiatak bere bederatzigarren mendeurrena ospatuko du: 900 urte ospitaltasunean eta espiritualtasunean.


LAS NAVAS DE TOLOSAREN GUDUKO KATEEN ESKAINTZA



    Sancho Indartsua (1194–1234) da Nafarroako erregerik ezagunena, bereziki Las Navas de Tolosako gudu ospetsuan (1212), Errekonkistako gudurik garrantzitsunean, egindako ekintza heroikoengatik. Handik ekarri zituen kalifa almohade al-Nasirraren dendaren inguruan zeuden kateak. Kate horiek gerora Nafarroako armarriko zati bihurtu ziren.

Irudian erregea ikus daiteke kristautasunaren garaipenaren sinboloa diren kate horietako zati bat Orreagako Andra Mariari eskaintzen. Kateak oraindik ere Kolegiatan gordetzen dira, nafar herriaren ausardiaren eta Nafarroak Espainiaren historian izan duen garrantziaren lekuko diren altxor historiko gisa.
Bitxikeria gisa: irudian agertzen diren pertsonaien artean erakusketaren bi egileak ere badaude, Julio Asunción eta Mikel Castell. Asmatuko al zenukete nortzuk diren?



ORREAGAKO ELIZAREN KONSEKRAPENA

  

    Sancho Indartsua izan zen Orreagako Kolegiata gehien babestu zuen erregea. Hark agindu zuen Orreagako Santa Maria eliza eraikitzeko. Irudian elizaren konsagrazio unea irudikatzen da: 1220ko uztailaren 17a. Data hori Las Navas de Tolosako garaipena ospatzen zuten eguna zen kristauentzat, “garaipen eguna” deiturikoa. Ziurrenik ez da kasualitatea; litekeena da eliza, neurri batean behintzat, nafarrek guduan lortutako harrapakinarekin eraikia izana.
Bestalde, Santa Maria de Orreaga eliza gotiko frantsesaren altxorra da: Nafarroan eraikitako lehen eliza erabat gotikoa eta Espainiako lehenetariko bat.


ORREAGAKO ANDRA MARI ETA HAREN IRITSERA



    Orreagan une berezi berezia da gaur egun santutegia nagusitzen duen Orreagako Andra Mariaren irudiaren etorrera. XIV. mendeko arte-lan bikaina da, eta Nafarroako irudi mariano gotiko onena dela jotzen da. Tolosa (Toulouse) hiritik ekarri zuten. Ordutik, nafar askoren bihotzaren erdigunean dago, eta askok ama zerutiar babesle gisa ikusten dute bera.

Bitxikeria gisa: irudian, Andra Maria eramaten agertzen dira egungo priorea, Bibiano Esparza; Kolegiatan urte gehien egin izan duen priorretako bat, Jesús Labiano; diakonoa, Ion Diaz; eta, Andra Maria hartzen, Iruñeko artzapezpikua, Florencio Roselló. Eta beste xehetasun bitxi bat: pertsonaia batek daramatzan betaurrekoak anakronismoa dira; garai hartan ez zeuden patilladun betaurrekoak, baizik eta lente xumeagoak. Hala ere, erretratuekiko fideltasunak askatasun artistiko txiki hori eskatzen zuen.


ERROMERIAK



   XV. mendetik aurrera gutxienez badira dokumentatuta Nafarroako herrietatik Orreagako erromeriak. Santa Maria de Orreaga kofradia Nafarroako handiena da. Erromeria horiek mendeetan —eta gaur egun ere— Orreagako Andra Mariak piztu duen maitasunaren eta debozioaren adierazgarri dira.

Maiatzean eta ekainean, igande bakoitza Ama Birjinaren jaia da. Igande horietan, haran edo herri bateko kofradiakideak eta fededunak Orreagara joaten dira erromerian, beren arbasoen tradizioari jarraituz eta Mariarenganako maitasuna berrituz. Hunkigarria da crucero deituriko penitentziadunak ikustea, kilometro askotatik gurutzeak bizkarrean ekartzen.


ORREAGAKO GUDUA



    Orreagako historia osoan zehar hainbat guduren eszenatoki izan da. Garrantzitsuenetako bat 1813ko Orreagako gudua izan zen. Espainiako Independentzia Gerrako azken guduetako bat izan zen. Frantziako armada bat Iruñerantz abiatu zen, zitadelan gotortuta zegoen frantziar goarnizioari tropa anglo-espainiarrek ezarritako setioa hausteko asmoz. Aliatuek, tropa portugaldarrak ere barne, Orreaga inguruan Iruñerantz zihoazen indar napoleonikoen aurrerapena geldiarazten saiatu ziren. Frantsesek garaipena lortu zuten bertan, ondoren Soraurengo guduan garaituak izan baziren ere.

    Bitxikeria batzuk: Orreagako eliza ere defentsarako gotorleku gisa erabili zen, irudian ikus daitekeen bezala. Kanpandorrean oraindik ikus daitezke posizio pribilegiatu horretatik tiro egiteko erabiltzen ziren tronera edo tiro-leihoak.

    Guduan borrokatu zuen Walter O’Hara koronelak eman zion izena Torontoko Orreaga etorbideari, gudu haren oroigarri gisa. Hiriko Orreaga auzoa kale horretatik hartu zuen izena.


ORREAGAKO ANDRA MARIAREN KORONAZIO KANONIKOA


   1960ko irailaren 8an Orreagako Andra Mariaren koronazio kanonikoa egin zen. Eliza Katolikoaren erritu solemnea da, zeinaren bidez, Aita Santuaren izenean, koroa jartzen zaion garrantzi espiritual handiko Ama Birjinaren irudi bati.

“Pirinioetako Erregina” —horrela ere deitzen zaio Orreagako Andra Mariari— Espainiako nuntzio apostolikoak koroatu zuen, Hildebrando Antoniutti monsinoreak. Koronazioa Kolegiataren ondoan dagoen esplanafanean egin zen, oraindik ere han ikus daitezkeen izei handi horien artean. Milaka pertsonak hartu zuten parte gertakari handi hartan.
Urrezko eta harribitxizko koroa Orreagako Museoan gordetzen da, eta urtero, irailaren 8an, berriz jartzen zaio Andra Mariari.



ORREAGA GAUR EGUN


  

    Orreagako Errege Kolegiata gaur egun erreferentzia turistiko eta monumental garrantzitsua da.
Hamarnaka mila bisitarik egiten dute Orreagako multzo monumentala ikustera. Hemen dago Nafarroako erregerik ezagunena, Sancho Indartsu mitikoa, lurperatuta dagoen mausoleoa, eta hemen galdu zuen bizia Roldan zaldun ospetsuak Orreagako guduan. Nafarroako santutegi garrantzitsuenetako bat da, arte eta arkitekturaren benetako bitxi diren Andra Maria eta eliza batekin.
Gainera, Orreaga Santiago Biderako gune giltzarrietako bat da, eta Nafarroako erromesentzako aterpetxe handiena bertan dago. Historia, kondaira, espiritualtasuna eta ondarea modu bakar eta paregabean elkartzen diren leku hau ahaztezina izango zaizue.